“Arropari janariari baino balio gehiago ematen zaio”

Ekoizlearen izena: Ertxineko

Produktua: Arrautzak 

Enpresaren sorrera: 2014ko urrian sortu eta 2015eko urtarrilean hasi ziren arrautzak saltzen. 

Kokalekua: Aizarna. Oilo bakoitzeko lau metro koadrotik gorako lursailak dituzte eta, oilategian, sei oilo metro koadro bakoitzeko. 

Karabelekorekin harremana: kontsumo taldearen bitartez eta ekodendan saltzen dira Ertxinekoko arrautzak. 

______________________

Zergatik hautatu duzue abeltzaintza ekologikoa? 

Egungo abeltzaintza eta ingurumen ustiaketa ereduak ikusita, iruditzen zaigu aukera ekologikoa dela etorkizunerako bidea. Gure kasuan, 2014an lanean hasi ginenetik, beti izan da horrela. 

Zein da produktu ekologikoen abantaila ekologikoak ez direnekin alderatuz? 

Osasuntsuagoak dira; zaporetsuagoak ere bai. Guk salmenta zuzena egiten dugunez, produktuaren freskotasuna bermatzen dugu, eta horrek garrantzia handia du arrautzen kasuan. Animalien ongizatea, ingurumenaren zaintza, ekonomia solidarioaren aldeko apustua… ere kontuan hartu behar dira.

Zaporea desberdina da?

Bai. Oiloek jaten dutenak ere zigilu ekologikoaren bermea izan behar du eta animaliak aske hazten ditugu zelaietan. Horrek, dudarik gabe, eragina du zaporean.

Zer motatako bezeroak dituzue? 

Denetarik. Nagusiki dendak: gehienak belardendak edo ekodendak. Bestalde, jatetxe gutxi batzuk ere baditugu. 

Zer esaten dizuete bezeroek produktuari buruz?

Orokorrean oso gustura daudela. Gure esperientzia positiboa izan da zentzu horretan. Behin probatzen dutenek gehiago eskatzen digute. 

Nolakoa da zuen egunerokotasuna? 

Egunero egiten dugu lan. Banaketako egunetan goizean goiz hasi eta arratsalde-iluntzera arte aritzen naiz. Beste egunetan, goiz eta arratsaldez dihardut lanean, eta asteburuetan ordu gutxiago egiten saiatzen naiz. 

 Egungo kontsumo eredutik zer kezkatzen zaituzte gehien?

Jatekoari ematen zaion balio eskasa. Eta horren beste aldean, arropa eta gauza materialei ematen zaion garrantzia handia.