“Konpromisoa eta erantzukizuna eskatzen dituen esperientzia positiboa da”

Buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteko, Agifeseko, erabiltzaileak dira Eneko eta Josemi, eta Karabelekon lan egin dute Sartu federazioak Hernaniko etxaldearekin elkarlanean antolatutako prestakuntzari esker. Euren gizarteratze eta laneratze prozesuan lagungarria izan zaien esperientziaren berri eman digute elkarrizketa honetan.

Nola iritsi zineten programara?

Eneko. Agifesen bitartez ezagutu dut Karabeleko, gipuzkoar elkarteko zerbitzuen erabiltzailea bainaiz. Lanean hasi aurretik, astero etortzen nintzen etxaldeko lanetan laguntzera. 

Josemi. Programa hau lehen aldiz egingo zela azaldu ziguten eta ideia ona iruditu zitzaigun. Lau pertsona probatzera animatu ginen eta beste lagun batzuekin egin genuen hiru asteko ikastaroa.  

Zer ikasi zenuten ikastaroko fase teorikoan?

Eneko. Trebetasun sozialekin erlazionatutako gauza asko: egoera desberdinei nola aurre egin, curriculuma nola egin...

Josemi. Niretzat oso erabilgarria izan zen lan-elkarrizketari nola aurre egin ikastea. Trebetasun soziala garatzeko dinamikek ere lagundu ninduten pertsona itxia naizelako... Beno, nintzelako; hemen esaten didatenez, urte eta erdian asko aldatu naiz. Ikastaroa oso pertsona desberdinekin partekatu genuen, etorkinekin ere bai. Eta horrek ingurukoekin irekiagoa izaten lagundu dit. 

Eta lehenengo fase hori bukatu eta gero?

Josemi. Praktikak iritsi ziren. Gauza berri asko ikasi genituen, erabiltzaile bezala egiten genituenak baino aurreratuagoak. Erabiltzaile gisa, lan batzuk burutzen genituen, baina orain, astero kontsumo taldeko otarrak prestatzen ditugu, adibidez; zeregin berriak ditugu. Zorrien eta beste izurrien aurkako tratamenduak erabiltzen, landareei plastikoak jartzen eta leken kanaberak jartzen ikasi dugu.  

Eneko. Praktikek hilabete osoa iraun zuten eta gero Josemi eta biok Karabelekon lan egiten hasi gara. 

Zenbat ordu lan egiten duzue? Desberdintasun asko daude erabiltzaile bezala zenituzten zereginekin?

Eneko. Bi hilabez egunean sei ordu lan egiten ari gara. Hurrengo hilean, berriz, lanaldi-erdian egingo dugu lan. Erabiltzaile bezala, ni adibidez astean hiru aldiz nentorren.

Zer uste dute zuen senideek eta lagunek esperientzia honi buruz?

Josemi. Ama eta osaba ez ditu ustekabean harrapatu, egia esan. Nire familia nekazaria da, Galiziatik dator, eta lurra lantzen ohituta dago. Txikitatik datorkit naturan lan egitea.  

Eneko. Gustatzen zaie; noizean behin barazkiak eramaten ditugu eta egiten duguna interesgarria iruditzen zaie. 

Pozgarria da zuentzat ikustea zuek ereindako barazkiak Gipuzkoako etxeetara, familia askoren plateretara, iristen direla? 

Josemi. Oso pozgarria da. Batez ere zuk landatzen duzun zerbait delako; zuk ikusten duzu nola hazten den, zure ahalegin guztiak zaintzan jartzen dituzu. Gainera, mota guztietako barazkiak ikusten ditugu egunero. Erabiltzaileek aste honetan angurriak diruditen kuiatxo biribilak jaso dituzte, adibidez. Alberjinia zuriak ditugu, txinatarrak, luzoker armeniarra… 

Egunero gauza berriak ikasten dituzue?

Josemi. Karabelekon etengabe esperimentatzen da; beste lekutako barietateak landatzen ditugu eta hemen nola hazten diren ikusten dugu, noiz bildu behar ditugun ikasten dugu. 

Eneko. Egunero zerbait ikasten da, bai.   

Josemi. Nik dena apuntatzen dut. Etxera noanean, egunero, dena apuntatzen dut. Nahiz eta gero ez irakurri [barreak]. Bai, bai, partekatuko ditut idatzitakoak, bai. Enekok memoria ona du, ez du horrelakorik egin behar. 

Nola baloratzen duzue aukera hau, gomendatuko zenukete? 

Eneko. Ni oso pozik nago, bai. 

Josemi. Niretzat naturarekin harremanetan egotea garrantzitsua da. Duela denbora bat eskizofrenia-agerraldia izan nuen eta ez nuen garai hartan neukan lana jasaten. Orain pozik nago.

Zein hitzekin definituko zenukete esperientzia hau?

Josemi. Pazientzia eta gogortasuna. Konpromisoa. 

Eneko. Erantzukizuna.

Gehitu iruzkin berria