Baratzea, pertsonen garapenerako lanabes

Gure etxaldean antolaturiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako ‘Baratzeterapia. Baratza gaitasunen garapenerako lanabes’ jardunaldiaren baitan, baratzeterapiaren gakoak ezagutzera eman dizkiguten hizlari bikainak izan ditugu: Jakoba Errekondo paisajista eta agronomoa, Marc Olomi baratze-terapeuta eta ingurumen zientzietan aditua eta baratzea pertsonen garapenerako baliatzen duten Gipuzkoako bi proiektuko arduradunak: Arraztalo elkartea eta Uzturre-Herrikide-Nagusilan baratzeak.

andareen lanketa pertsonen garapenerako erabiltzean datza baratzezaintza terapeutikoa, terapeuta baratzezainen eskutik. Pertsonen autonomia garatzeko eta gaitasunak eskuratzeko xedea du baratzeterapiak.

Berrikuntza, nekazaritza eta sareko lana oinarri izanik pertsonen eta gizartearen osasuna bultzatzen duen Punt Eco enpresaren fundatzaile Marc Olomik naturarekin harremanetan egotearen bertuteak nabarmendu ditu. Era berean, natura-ingurunean ekimenak gauzatzeak dakartzan onura fisiko, emozional, kognitibo eta sozialak azaldu ditu. Bestalde, Jakoba Errekondok baratzegintza ekologikoak pertsonen osasunean eta hazkuntzan duen eragina azpimarratu du, baita komunitateri, ingurumenari eta kulturari egiten dion ekarpena aztertu ere. Izan ere, Bizi Baratzea liburuaren egilearen esanetan, "kulturaren oinarri da baratzea. Jantziak gara, jakintza daukagu, jateko aukera dugulako. 'Jantzia' jan hitzetik dator". Baratzeak automestimua lantzeko lagungarria dela ere adierazi du, "baratzezaina komunitatea zaintzen ari baita, janari ona ematen, ingurumena eta lurra zaintzen. Komunitatearen zaintzaile garrantzitsuenak dira nekazariak", gaineratu du Errekondok. 

Aipatzekoa da gure jendartean gero eta aukera gehiago daudela horrelako ekimenak aurrera eramateko, gero eta garrantzi handiagoa ematen baitzaio ingurumenari, naturari, elikadura osasuntsuari, eta arnasten dugun airearen kalitateari, besteak beste. Hori dela eta, ugaritzen ari dira lurrarekin lotutako ekintzak, banaka, familian zein komunitatean gauzatzen direnak: eskola baratzeak, baratze parkeak, herri baratzeak, inklusio baratzeak, elkarteen lur eta baso erosketak, eta kontsumo taldeak.

Testuinguru honen adibide gisa, Arraztalo elkartearen eta Uzturre-Herrikide-Nagusilan baratzearen lana ezagutu dugu.

 Esperientzia benetan aberasgarria izan da topaketa hau eta espero dugu horrelako hitzordu gehiago antolatzea aurrerantzean.

Gehitu iruzkin berria