Hondakinen organikoen kudeaketa bertatik bertara lantzeko proiektu pilotua martxan

Aurten 'Lurretik lurrera' izeneko proiektua jarri dugu martxan Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker. Ekimenaren helburu nagusia hondakin urbanoen prebentzioa bultzatzea da, baina gure asmoa, batik bat, historikoki gure baserrietan horren ongi itxi izan den ziklo organikoa ixteko eredu berri bat probatzea da.

Proiektu pilotu honen bidez astero-astero Oronako Diametro 200 jatetxeko hondakin organikoa bilduko dugu banaketa egunak aprobetxatuz; baina baita gure etxaldetik gertu dagoen Telleri Zahar baserriko ardi simaurra ere. Horrela, batzuentzat hondakina dena guretzat ongarri bihurtu ahalko dugu, eta gure aurreikuspenen arabera urtero behar ditugun 16 Tn luar edo ongarri horiek guk geuk sortu ahalko ditugu.

Laburbilduz, proiektu honen atzean hainbat helburu potolo lortu nahi ditugu, hala nola:

  • Etxalde bateko materia organikoaren zikloa kilometro baten bueltan ixtea.
  • Kalitate handiko luarra lortzea inguruneko materialak konbinatuz.
  • Jatetxeen eta nekazaritza-etxaldeen arteko harreman-eredu berri baten eredu bilakatzea.
  • Tontorreko teknikaren erabileran sakondu eta berau sustatzea etxaldeetan.
  • Lortzen den konpostaren azterketa analitiko zorrotzak burutu eta informazio hori hedatzea.

 

Gehitu iruzkin berria