Posible al da azaloreen laborantza otsaila eta ekaina bitartean Kantauri isurialdean?

 

EGILEAK

  • Elena Sauca (Abarra taldea)
  • Iban Sabalza (Blasenea)
  • Iker Goikoetxea (Karabeleko)

 

AURKEZPENA

Euskal Herrian landatzen diren kruziferoak, funtsean, aza, azalorea, brokolia eta bruselaza dira, eta oso laborantza errotua da gure lurrean. Ezinbestekoak dira, gainera, edozein baratzezainen baratzean. Baina batik bat hego Euskal Herriko Kantauri isurian nekez aurki daiteke negu-udaberrian horren estimatuak diren barazki hauek landuko dituen inor. Horregatik Karabeleko elkartetik oinarrizko ikerketa lerro hau bultzatu nahi izan dugu sektorearentzako esperientzia interesgarria izango delakoan, batez ere udaberriko garai zailenetan merkaturatzen dugunontzat..

Gure etxaldean 16 azalore barietate konparatu dira eta barietate guztiak, haiek merkaturatzen dituzten etxeen azalpenen arabera, udaberri garairako egokiak dira eta denak ekologikoak edo ez tratatuak. Gehienek ziklo goiztiarra dute, hots, 70-80 egunekoak landaketa eta bilketa artean eta ziklo ertaineko 3 barietate probatu dira.

ONDORIO NAGUSIAK

MERKATUKO OHIKOENAK

Merkaturatzeko ekoizpena tn/ha aldagaiari dagokionez, emaitzarik onena eman duten barietateak Chambord, Sabord, Aviso, Charlotte eta Concept izan dira. Aipatutako bost barietate horiek interesgarriak izan daitezke ekoizpenari begiratzen badiogu. Baina merkatuak nahi duena  fruituaren batez besteko pisua 500-600 gramokoa izatea baldin bada, barietate horiek ez lirateke izango egokienak, horien batez besteko pisua 700-900 gramokoa baita fruituko. Bestalde, Sabord barietatea izan da bakteriosiak eraginik handiena egin diona, eta barietate guztiekiko alderik handienak agertu dituena, bi barietaterekin izan ezik. Halaber, izurriteek eragin handiena sortu dieten barietateen artean ere badago, nahiz eta kasu honetan ez duen agertzen alde esanguratsurik inolako barietaterekin. 

EZAUGARRI ORGANOLEPTIKOAK

Interes handiko alderdi bat barietateen kalitate organoleptikoa da, eta horri dagokionez, Chambord eta Sabord barietateak dira, kata hori egin zitzaien barietateen artean, baloraziorik onenak jaso dituztenak zaporeari eta itxurari dagokienez. 

Fruiturik txikieneko barietateen bila baldin bagabiltza (500-600 gr/fruituko), interesgarrienak Balzac, Ubac eta Ardent izan daitezke, baina Tn/ha-tan duten ekoizpena, orotara, nahiko txikiagoa izango litzateke, 3 eta 11 Tn/ha-ko gutxiago. Balzac barietatearen kataorganoleptikoa egin zen eta bere itxura ez zen oso ona, baina zaporea bai. Ubac barietateak itxura egokia agertzen zuen egosteko, eta zaporean ere kalifikazio ona jaso zuen. 

 

Azterlana kontsultatu

 

Gure ikerketa-lanaren berri izan nahi baduzu, harpidetu zaitez gure newsletterrera!