“Bezeroek harriduraz esaten didate piper marmeladak piper zaporea duela!”

Enpresa. OnEin kontserbak. 

Arduraduna: Begoña Villar.

Sorrera. 2015eko maiatza

Tokia. Hernani (Martindegi 39).

Produktua. Kontserbak. 

  • Barazkiak: kuia, kuiatxoa, pistoa. 
  • Marmeladak: laranja, laranja eta kuia, kuia eta kokoa, kuiatxoa limoiarekin, muxika, arana izpilikuarekin, marrubia, masusta gorriak eta  bioleta, pikua, gereziak, …
  • Sagar-produktuak: sagar-gozokia (intxaurrekin ere), sagar-purea, konpota. 

 

Beste datu batzuk. Tokiko lehengaiak erabiltzen dituzte, laranjak eta limoiak (Valentziatik ekarritakoak) eta azukre ekologikoa (Europar Batasunetik kanpokoa) salbu. 

_______________________________

Zergatik lantzen dituzu kontserbak?

Duela 28 urte, nire senarraren amonak haren ortua erabiltzeko baimena eman zigun eta negutegiak eraiki genituen. Handik aurrera, autokontsumorako erabili ditugu. Amona hil zenean, lurrak erosi genituen eta gaur gure etxe bihurtu dira. Baratzean soberan gelditzen ziren lehengaiekin marmeladak egiten genituen beti eta 2012an, 50 urte betetzetik gertu lanik gabe geratu nintzenean, konturatu nintzen informatika uzteko momentua zela eta nire bizitzak aldaketa behar zuela. Zer egin ondoren? Aukera ez zen zaila izan: etxekoentzat egiten nituen marmeladak besteentzat prestatzea. Bi urtez proiektua eraiki nuen eta iaz martxan jarri nuen. 

Zerk eraman zizun kontserba ekologikoen alde egitera?

Argi daukat lurra hobeto zaintzeko ardura daukagula. Lurragatik beragatik eta baita mugitzen gaituenak, janariak, osasuntsua izan behar duelako ere. Produktu ekologikoak ez dira kaltegarriak, ez pertsonentzat, ez naturarentzat.  

Zein da produktu ekologikoek ematen duten balioa? 

Jaki ekologikoak seguruagoak eta osasuntsuagoak dira, eta horien ekoizpenak gure lurra errespetatu eta zaintzen du, bai orainean eta bai etorkizunera begira. 

Kontserben kasuan, zaporean eragina du barazkien heldutasun puntuak. Ekoizle askok lehengaiak oso goiz jasotzen dituzte, denbora luzez manten daitezen. Baina heltze prozesua naturala bada, zaporea hobea izango da. Nik argi daukat: azken teknologia daraman sakelako telefonoa erosi baino nahiago dut diru pixka bat gehiago gastatzea jakietan.  

Nolakoa da zure egunerokotasuna? 

Lanari denbora asko eskaintzen diot orokorrean. Goizeko zortzietan hasi eta, udan, gaueko hamarrak arte aritzen naiz. Neguan, berriz, lanordua motzagoa da. Laborea zaindu behar da, bildu, garbitu, moztu, sukaldatu eta potetan sartu. Kontserba sorta ezin da erdizka utzi hurrengo egunera arte; egun berean amaitu behar da, elikadura-segurtasuna bermatzeko eta energia kontsumoa kontrolatzeko. Urtero 7.000 barazki-kontserba eta 10.000 marmelada-ontzi sortzen ditut, bai OnEin markarekin eta bai kontsumo taldeen eskariei erantzuten. 

Zer bezero mota dituzu?

Merkatuetan arreta jartzen dut, larunbatero noa saltzera. Han bezeroak helduak dira, baina umeak aliatuak dira, marmeladen zaporeak gustuko dituztelako eta gurasoek edo aitona-amonek erosten dizkietelako. 

Uda aldean inguruko kontsumo taldeentzako kontserbak prestatzen ditut. Ekoizpen handiko unea da eta, soberan geratzen denarekin, kontserbak egiten ditugu neguan otarrekin banatzeko. 

Saltoki txikietan ere saltzen dut eta, denbora dudanean, salmenta-tokiak ugaritzeko lan egingo dut. 

Zer esaten dizute bezeroek marmeladak eta kontserbak dastatzen dituztenean?

Harrituta esaten didate piper marmeladak piper zaporea duela! OnEin kontserbak eta marmeladak fruta edo barazki ia osoa daramate. Normalean, supermerkatuan erosten diren ontzietako fruta kantitatea ez da erdira iristen. Nire produktuen kasuan, aldiz,  %70 baino gehiago da barazki edo fruta.