“Erlezaintza ekologikoan asko zaintzen da airearen kalitatea: ezin da autopistarik ez eta enpresa kutsatzailerik egon 3 kilometroko erradioan”

Enpresa: Aikur

Produktua(k): Miel y propóleo

Arduraduna: Aitor Otegi

Produktuaren jatorria: Gipuzkoa / Navarra / Álava

 ______________________________________

Noiz hasi zineten produktuak saltzen?

Erlezaintza munduan gurasoak duela 40 urte inguru hasi ziren erlauntza gutxi batzuekin, eta poliki-poliki erle kopurua handitzen joan ziren. Erlezaintza ekologikoan 17 urte daramatzagu. Nire kasuan, txiki txikitatik hasi nintzen erleekin lanean eta duela 4 urte nire ogibide bihurtu zen.

Zein da Aikurreko erlezain baten eguneroko lana?

Urtaroaren arabera asko aldatzen da lana. Udaberria eta udara da erleekin lan gehien edukitzen dugun garaia. Maiatza inguruan Nafarroako lehen eztiak ateratzen hasten gara, eta ekaina bukaerarako prest egoten da Gipuzkoakoa. Eztia atera ondoren, erleak Arabako mendietara eramaten ditugu udako loraldiaren bila, eta udazkena izaten da erleak negurako prestatzeko garaia. Izan ere, hilabete hotzenak  pasatzeko nahikoa janari dutela ziurtatu behar dugu. Neguan ez dugu erleekin lanik izaten, erlauntza barruan egoten baitira hotz handia egiten duelako eta larrean lorerik ez dagoelako. Neguan izaten ditu erlezainak oporrak.

Zer diote kontsumitzaileek produktuari buruz? 

Kontsumitzaileen erantzuna oso ona izaten ari da. Eztia kontsumitzeko ohitura betidanik egon da hemen eta, bertako eztia lortzea geroz eta zailagoa den garai hauetan, jendeak gustura kontsumitzen du gure produktua. Urtean zehar ezti ezberdinak edukitzeak ere laguntzen digu: Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabako eztiak guztiz ezberdinak dira; batzuk argiak, beste batzuk ilunak, batzuk zapore suabea dute, eta beste batzuek fuertea.

Azken urteetan oso ondo saltzen ari garen beste produktu bat propolia da. Erleek zuhaitzetatik jaso eta erlauntza barrutik desinfektatzeko erabiltzen duten erretxina bat da. Gure osasunerako propietate pila bat ditu; esate baterako,    antiseptikoa da, onddoen kontra balio du, eta baita zauriak sendatzeko ere. 

Zein da gehien saltzen den produktua edo ospe gehien duena?

Ospe handiena duen produktua, oraindik ere, eztia da. Batzuek azukrearen ordezko bezala erabiltzen dute eta, beste batzuek, sendagai bezala. Propolia ere geroz eta ezagunagoa bihurtzen ari da eta ondo saltzen dugun produktua da. 

Hala ere, kontuan eduki behar dugu erlauntzetik beste produktu pila ekoitzi daitezkeela, nahiz eta ez hain ezagunak izan. Polena, argizaria, erle umeak, erregina-jalea edo apitoxina, adibidez.

Zuentzako zeintzuk dira produktu ekologikoen abantailak konbentzionalekin alderatuz?

Bertan ekoiztutako produktu ekologikoek berme batzuk dituztela iruditzen zait. Bertan ekoitziak izateaz gain, naturarekin errespetuz lortutakoak dira, hazkuntzan produktu kimikorik erabili gabe, eta, beraz,kontsumitzaileak lasai har ditzake.