“Naturarekiko errespetua ez dago batere hedatuta jendartean”

Enpresa: Basare

Produktua: Basalandare bizigarri, krema eta xaboi artisau eta ekologikoak.

Arduraduna: Jone Aldabaldetreku

Produktuaren jatorria: Naturatik jasotako produktuak, beste ekoizleen produktu ekologikoak erabiliz (Aikur, Josenea, Algamar, Irungo Trival Trading, La Grana, Camassia Cosmética Natural Casera)

Karabelekorekin harremana: HAZI eta Mirene Begiristainen bitartez, Karabelekoko langilea den amaia ezagutu zuen Jonek. Aurrerago, Karabelekon ospatutako merkaturatze tertulian parte hartu zuen Basarek eta produktua Karabelekoren ekodendan salgai jartzeko proposatu zitzaion.

Beste datu batzuk: Tailerrak, ibilaldiak eta ikastaroak ere antolatzen ditu.

________________

Nola eta noiz sortu zen Basare proiektua?

2017ko abenduan sortu zen Basare, baina aurretik lan asko egin genuen. 2014. urtean jada ideia garatzen hasi nintzen. Naturazalea eta bereziki landarezalea naiz. Nekazal Ingeniaritza Teknikoa ikasi nuen eta, urte hauetan zehar, lorezaintza, baratzezaintza eta irakaskuntza munduan lan egin dut. Beraz, bertako basalandareen balioa zein den ikusi, ikasi eta inguruan dugun altxorrari balioa emateko sortu nuen Basare proiektua.

Zuen produktuen artean, zein da ospetsuena edo gehien saltzen dena?

Produktu bereziena gure jakiak aberasteko bizigarria da, basalandare, hazi, alga, etabarrez osatuta. Gatza ordezkatzeko balio duen bizigarria da. Honetaz gain, asko saltzen dira basalandareekin egindako kremak, xaboiak eta ezpain-babesgarriak.

Zertan datzate zuen ikastaroak, ibilaldiak eta tailerrak?

Momentu honetan, basalandareekin egindako eskuko xaboien inguruko tailerra eskaintzen ari naiz hainbat tokitan. Xaboia egiteko oinarrizko ezagutzak azaltzen ditut, basalandareen propietateak zeintzuk diren zehazten dut eta azkenik xaboia nola egiten den irakasten diet parte-hartzaileei. Bukaeran bakoitzak bere xaboia eramaten du etxera. Ibilaldien onura nagusia da, naturan aurkitu daitezken landareak zuzenean ezagutzeko aukera ematen digutela eta, aldi berean, hauen berri ikasten dugu paisaiaz gozatuz.

Zer esaten dute bezeroek produktuari buruz?

Bizigarria oso interesgarria dela diote askok eta janariei ematen dien zaporea asko gustuko dute. Behin erosten dutenean errepikatu egiten dute. Kremak eta kosmetika produktuak ere gustura erabiltzen dituzte, usain atseginarekin eta kalitatezko osagaiekin eginak daudela nabaritzen da eta.

Zeintzuk dira produktu hauen onura nagusiak?

Gure osasuna zaintzeko kalitatezko produktuak dira. Esan bezala, kalitatezko osagaiekin eginak daude, guztiz naturalak dira eta kimikorik gabeak. Beraz, gure gorputzari ez diote inolako kalterik egiten. Gainera, mineralez, bitaminez, proteinaz, kaltzioz eta bestelako osagaietan aberatsak dira. Adibidez, bizigarrien artean kurkuma saltzen dugu. Produktu hau azidotasunaren aurka erabili daiteke baita digestioan lagundu ere, depresioa saihestearekin batera. Jengibreak, berriz, hesteetako eta tripako minen sorrera saihesten du, arnasa-aparatuaren funtzionamenduan laguntzen digu, besteak beste. Bestalde, kremak eta xaboiak hidratatzaileak, freskagarriak, lasaigarriak, antiseptikoak, antioxidatzaileak eta birsortzaileak dira.

Egungo kontsumo joeren artean zerk arduratzen zaituzte gehien?

Kontsumitzaileak askotan ez du kalitatea baloratzen eta produktu generikoak erosteko joera du. Honetaz gain, naturarekiko errespetua ere ez dago batere hedatuta jendartean.