“Proiektua martxan jarri genuenetik argi genuen ekoizpen ekologikoak osasunean, ingurugiroan, nekazaritzan eta ekonomian onurak ekarriko zituela"

 

Enpresa: Tologorri

Produktua: Mermeladak, zukuak

Arduraduna: Mikel Kormenzana

Produktuaren jatorria: Urduñako Santa Klara Baserria (Bizkaia)

Karabelekorekin harremana: Azkeneko lau urte hauetan jardunaldi eta azoka ezberdinetan harremana sendotzen joan da Karabeleko eta Tologorriren artean. Produktuen trukeekin hasi eta gaur egun Tologorriren mermelada eta zukuak Karabelekoren ekodendan aurkitu daitezke.

Beste datu batzuk: Arakatza fruitua berreskuratu zuten, Urduñan hazten zen fruitu garratza, mahats txiki baten antzekoa. Baserrietan jada kontsumitzen ez zelako desagertu zen eta urte askoren ondoren, Tologorrik fruitua landatu du, aldi berean zaporea berreskuratuz eta jendartean hedatuz.

___________________

Noiz eta nola sortu zen Tologorri?

Betidanik baserri munduan ibili izan da nire familia. Gurasoak abeltzaintzaren bidea hartu zuten bitartean, nik, amamaren pausuak jarraitu ditut, fruituen ekoizpenean murgilduz. 2000. Urtean, ikasketak bukatu ahala, Tologorriren proiektua sortu genuen. 

Zein da ospe gehien duen produktua?

Mermelada izan da beti gehien saldu izan dena. 30 fruitu mota inguru ekoizten ditugu Tologorrin. Gaur egun, zukuen salmentan ere igoera nabaritzen da.  Geroz eta aniztasun gehiago dago eta jendeari asko gustatzen zaio zapore berriak dastatzea. 

Nondik lortzen dituzue hainbeste fruta ezberdin?

Orduñan bertan landatuta dauzkagu fruitu mota gehienak, kostaldean ere finka bat dugu fruitu bereziagoak landatzeko (fruitu subtropikalak, adibidez, bertan aurkitzen dira).  Guk kontrolatzen dugu fruituaren madurazioa eta horrela neurtu dezakegu mermeladak izango duen lodiera eta garraztasun maila.

Zeintzuk dira zuen produktuen ezaugarri nagusiak?

Mermeladen zaporea ez da oso gozoa, fruituaren zaporea asko nabaritzen da eta bezeroari asko gustatzen zaion ezaugarria da. Zukuetan ere frutaren zaporea da nagusi, baita garraztasuna ere. Garrantzitsua da aipatzea osagai guztiak ekoizpen ekologikotik datozela. Ez dugu erabiltzen ez kimikorik ezta gehigarririk ere. Kontsumitzaileak asko baloratzen ditu  aipatutako faktoreak.

Nolako garrantzia du gaur egun produktu ekologikoa kontsumitzeak?

2000. urtean hasi ginen ekologikoaren alde apustu eginez, eta hasieratik argi genuen ekoizpen ekologikoak osasunean, ingurugiroan, nekazaritza eta ekonomian onurak ekarriko zituela. Gainera, produktu ekologikoaren salmenta argi eta garbi igo dela esan dezakegu, urte asko daramatzagulako sektore honetan, eta hori oso positiboa da.