Enpresa: Iparragirre
Produktua: Sagardoa
Arduraduna: Arantza Eguzkiza, sagardogilea
Produktuaren jatorria: Hernaniko eta inguruko sagardietan jasotzen dute sagardoa lantzeko fruta gehiena.
Karabelekorekin harremana: Karabelekoren ekodendan sagardoa saltzen da, eta kontsumo taldekideek ere aukera dute euren saskiarekin batera botilak jasotzeko.
Beste datu batzuk: Tokiko sagar ekologiko mota asko erabiltzen dute: txalaka, goikoetxe, moko, urtebitxiki, urtebihandi, errezil, patzueloa ,txuri, txorrisagarra, haritza, potrokilo, etab. Landatutako sei hektarea dituzte.
_____________________
Betidanik landu duzue sagardo ekologikoa?
Gure baserriak 500 urte ditu. Betidanik sortu dugu sagardoa, baina ekologikoarekin duela zortzi urte hasi ginen. Gu izan ginen sagardo ekologikoa bertako sagarrekin soilik egiten hasi ginen lehenengoak.
Zergatik aldaketa hori?
Gure ustez, tokiko produktuak eragina du azken produktuaren kalitatean. Gainera, Iparragirren gure inguruarekiko, paisaiarekiko, lurrarekiko eta kulturarekiko konpromiso sakona dugu, jasangarritasunaren alde. Hortik dator ekologikoarekiko apustua.
Zaporea desberdina al da?
Ez, ez du zertan izanik. Zigilu ekologikoak ekoizpena ekologikoa dela ziurtatzen dizu; ez da gutxi! Horrez gain, Iparragirrekoa goi mailako sagardoa da; dudarik ez kalitatea asko zaintzen dugula!
Gure sagardo naturalaren ezaugarri dira ekoizpenean arreta sakona jartzea eta lehengaien kalitate gorena bermatzea. Sagar goxoak, garratzak eta mikatzak nahasten ditugu sagardo egokia lortzeko.
Zer esaten dizuete bezeroek produktuari buruz?
Oso berezia dela; garai bateko sagardogintza gogorarazten die batzuei.
Nolakoa da zuen egunerokotasuna?
Denetatik egin behar dugu Iparragirren: ostalaritza lanak, ekoizlearenak, salmentak, bulego lanak… Sagardotegia irekita dugunean, eguna noiz hasten den badakigu, baina noiz bukatzen den ez!
Irailean sagarrak jasotzen ditugu eta sagardoa lantzen dugu. Sagarrak hautatzen ditugu lehenik eta behin; gero, ondo garbitu eta moztu egiten ditugu denbora laburrean, muztioaren kalitatea bermatzeko. Azkenik, hiru hilabete iraungo duen hartzidura prozesuari hasiera ematen diogu. Fase honetan, kontrol ugari egiten ditugu, haien artean tenperaturarena, eta, horien emaitzen ondorioz, nahasketak egiten ditugu gure sagardoei izaera eta oreka emateko.
Urtarrilaren erdialdean, gure sagardoa txotx berriaren denboraldirako prest dago. Hemendik aurrera, botilatan sartzen ditugu salmentarako.
Egungo kontsumo joeren artean zerk arduratzen zaituzte gehien?
Marketinak kontzeptuak nahastea kezkagarria iruditzen zaigu. ‘Naturala’ izenaren barne, adibidez, edozein gauzak balio duela dirudi, eta horrek ez du hala izan behar. Horrez gain, kasu askotan, jendea ez da arduratzen jan eta edaten duenaren kalitateaz, edo osasungarria den ala ez pentsatzeaz.
Merkeena besterik ez da baloratzen batzuetan, eta hori kezkagarria da. Gauzak ondo eta zintzo egitearen balioa galdu izanak eta ondorioz kontsumitzaileak kalitate horren balioaz ez jabetzeak asko arduratzen gaitu.