Gehitu iruzkin berria

Asiako azak, gure baratze eta platerentzat aproposak

Esperimentazio lana egiten ari gara Asiako hainbat landare interesgarriren hazkuntza aztertzeko. Laborantza sistema ekologikoa erabiliz, kantauriar klimara nola egokitzen diren behatu nahi izan dugu. Zehazki, Ta Tsoi, Pak Choi, Mizuna eta Mibuna aza barietateen bilakaera ikusita, egiaztatu ahal izan dugu ziklo motzeko landare horiek gure udaberriko baldintza klimatologikoetan egoki erantzuten dutela. Beraz, horrelako landareei esker gure eremuan daukagun barazki eskaintza zabaltzeko aukera daukagula ondoriozta dezakegu.

Martxoaren bukaeran egin genuen landaketa. Landare horiek beroarekiko sentikorrak dira eta kontsumitzaileen artean arrakasta handia dute.

  •  ‘Ta Tsoi eta Pak Choi’ motetako txinatar azak: orri-mami txuri handiak, hosto zabalak eta pella handiak dituzte, eta txikoriaren, arbiaren eta azaren zaporeak gogorarazten dituzte. Sukaldean, txikiturik, gordinik, egosita, entsaladan eta gratinaturik jan daitezke. Wokean, soja saltsarekin eta anakardoekin ere oso ondo geratzen dira.

 

  • Mizuna aza: bi urtez behin ematen duen barietatea da, landatzeko erraza, indartsua, hazkuntza azkarrekoa eta hotzarekiko erresistentzia handia duena. Bi mota desberdin daude,  bata gorria eta bestea  berdea. Zapore fresko eta  gozoa dauka, eta piper zapore arina du. Entsaladetan txikoriaren moduan erabiltzen da, baita egosiak ere, espinaken antzera, eta wokean ere presta daitezke.

 

  • Mibuna: Mizuna barietatearen antzekoa da, baina mustarda zapore arina du. Hostoak entsaladarako aproposak dira, eta errezeta batzuen osagarri gisa erabiltzen dira, gutxi eginak.