Gehitu iruzkin berria

“Ekoizleentzat erreferentziazko topagunea izan nahi dugu”

Agroekologiaren filosofia irmoki defendatzen du Amaia Odriozolak, Karabeleko etxaldeko arduradunak. Elikadura subiranotasuna, garapen jasangarria eta pertsona helburu dituen nekazaritza-eredu ekologikoaren alde dihardu lanean Agifes, Kimu Bat eta Blasenea entitateek elkarlanean sortutako elkarte honetan. 

Nola definituko zenuke Karabeleko?

Baratzezaintza ekologikoan oinarritutako etxalde esperimentala da. Agroekologiaren balioak bultzatzea dugu helburu, hau da, nekazaritza eredu ez industrializatua sustatu nahi dugu, elikadura subiranotasunaren alde lan egin eta nekazaritza ekologikoaren garrantziaz sentsibilizatu. Pertsona ere funtsezkoa da gure proiektuan, eta horregatik garrantzia handia ematen diogu buru gaixotasuna duten pertsonen errehabilitazio psikosoziala lantzeari.

Beste etxalde batzuekin alderatuz, zertan da ezberdina hau?

Ekonekazaritzaren arloan esperimentazio lanak gauzatzen dituen beste etxalderik ez dago kantauriar isurialdean behintzat. Hori dela eta, ekoizleentzat erreferentziazko topagune irekia izan nahi dugu, elkarlana gauzatzeko eta laborantzaren gaineko aholkularitza eskaintzeko. Gure lurraldera egokitutako ekonekazaritza eredua indartu nahi dugu, tokiko biodibertsitatea babestu, jatorrizko barietateak berreskuratu, eta gure baratzak aberastu ahal izateko landare berriak aztertu.

Zertan datza esperimentazio lana?

Hemengo nahiz atzerriko barazki ugari aztertzen ari gara gure lursailetan, bai negutegian eta bai kanpoan. Egun, esaterako, 35 tipula mota ditugu landatuta eta tomateen kasuan, berriz, 60, bai Euskal Herrikoak eta bai Ameriketatik ekarritakoak. Itsasoaz bestaldeko jatorrizko tomate barietateak, tradizioz landatu izan direnak, ekarri ditugu gurera: Andeetakoak, Mexikokoak, eta abar. 

Bestalde, letxugak eta hosto jangarriak dituzten 20 bat landare ezberdin, sei azenario mota, lau babarrun barietate, kalabazinak eta abar luzea daukagu baratzetan. Aipagarriak dira, adibidez, Asiatik ekarritako azak; izan ere, Ta Tsoi, Pak Choi, Mizuna eta Mibuna barietateak tokiko klimara oso ondo egokitzen direla egiaztatu ahal izan dugu. Udaberrian, Euskal Herrian, ez dugu produktu asko izaten baratzetan, eta kanpotik ekarritako barietateak landuz eskaintza aberastu dezakegula uste dugu.

Zein beste azterketa egiteko asmoa dago epe laburrera?

Negura begira, pare bat esperimentu aurreikusten ditugu, Biolurrekin hitz egin eta ekoizleei begira interesgarriak izango direlakoan:  alde batetik, espinakak noiz arte landatu daitezkeen behatu nahi dugu; eta bestetik, azaren familiako hainbat barazki, brokolia kasu, ohiko sasoiez kanpo landatuta nola erantzuten duten aztertzeko asmoa dugu. Europako iparraldeko beste herrialde batzuetan ondo funtzionatzen dutela ikusita, hemen ere egiaztatu nahi dugu ea posible den produktu horiek hilabete gehiagotan ekologikoki landu eta kontsumitzea.

Etxalde terapeutikoa ere bada.

Buru gaixotasuna duten pertsonen errehabilitazio psikosoziala oso garrantzitsua Karabelekoren eguneroko egitekoan. Baratzezaintzaren onura terapeutikoak frogatuta daude jada, eta horiek praktikan jartzen ditugu bertan. Agifeseko erabiltzaileekin oso harreman ona sortu dugu eta lankidetza hau aberasgarria da oso, bai beraientzat eta bai guretzat. Orokorrean gogotsu etortzen dira lanera eta, pixkanaka, norberak bere erritmo eta gaitasunen arabera, ardura ezberdinak hartzen joaten dira.  Pertsona hauen gaitasunez sentsibilizatzeko jarduera aproposa da hau, alde batetik, erabiltzaileak kapaz direla konturatzen direlako, eta bestetik, gizarteari erakusten diogulako egoki lan egiteko gai direla. 

Gaur egun zein erronka ditu elkarteak?

Hamaika ideia ditugu eta gutxika gauzatzen joateko asmoa dugu. Printzipioz, esperimentazio lanari bultzada handia eman nahi diogu, guztia ongi antolatu eta planifikatu. Bestalde, kontsumo taldea finkatzea gustatuko litzaiguke, bertan hazten ditugun produktuei irteera egokia eman ahal izateko, eta dendako produktu eskaintza zabaltzen joango gara.

Prestakuntza ekintzen egitaraua ere osatuko dugu, nekazari eta ekoizleei zuzendutako ikastaro interesgarriak eskaini ahal izateko. 

Etxaldea publikoari irekia dela diozu. 

Hori da gure bokazioa; izan ere, ekonekazaritzaren inguruko elkargunea bilakatu nahi dugu, ekoizleentzat eta publiko orokorrarentzat gertukoak izan. Burujabetasuna, elikadura osasuntsua eta garapen jasangarria sustatu nahi badugu, elkarrekin jardun behar dugu. Beraz, gure proiektuan interesa duten pertsona guztiei, lasai asko bertaratzeko gonbita luzatzen diegu.