Gehitu iruzkin berria

‘Kale’, bere onurei esker modan dagoen aza

Aza berde edo aza kizkur izenez ere ezagutzen den ‘kale’ aza oso barazki ezaguna da, batez ere iparramerikarren artean, elikagai ugari baititu. Hango jatetxe gehienetan oinarrizko osagai gisa aurki dezakegu. Urteko egun bat ere eskaini diote; urriko lehen asteazkenean National Kale Day eguna ospatzen dute.

Europako hego-mendebaldeko kostaldekoa den aza hau brokoliaren, azalorearen eta bruselazaren familiakoa da. Gaur egun Europan, Estatu Batuetan eta Japonen landatzen da. Karabelekon landare interesgarri honen laborantza aztertzen ari gara eta gure kontsumo taldeko kideei probatzera eman diegu.

 

Barazki honen onurak

 

  1. Kaloria gutxi eta zuntz ugarikoa da. 
  2. Fitoelikagai ugari ditu. Horiek antioxidatzaile gisa aritzen dira eta zelulak babesten dituzte. Horrez gain, aza kizkurrak minbiziari aurka egiteko oso onuragarriak diren carotenoide eta flavonoide ugari du.
  3. Burdina asko du, behi haragiak baino gehiago, eta horrek zelulen hazkuntzari eta funtzionamendu hepatikoari laguntzen die.
  4. Kaltzio iturri ona da, 100 gramotan 135mg kaltzio ditu-eta. Hau da, behi esneak baino kaltzio gehiago ematen du (120 mg).
  5. C bitamina asko dauka, 100 gramotan 120mg; hau da, egunean behar den %200. Bitamina horrek antioxidatzaile gisa funtzionatzen du eta barazkiek duten burdinaren absortzioa errazten du.
  6. A bitamina asko dauka. Hori lagungarria da hezurren hazkuntzan eta garapenean, eta larruazala eta mukosak babesten ditu. Gainera, biriketako eta aho barrunbeko minbizia saihesten laguntzen du.
  7. K bitamina asko du, 100 gramok egunean gomendatutako kantitatearen %700 ematen baitute. Odolaren koagulazioan beharrezkoa da K bitamina. Halaber, osteoporosia saihesten du eta organismoa hainbat minbizi motaz babesten du.
  8. Propietate antiinflamatorioak ditu, omega-3 gantz-azidoak baititu. Horiek artritisari, asmari eta gaixotasun autoinmuneei aurre egiten diete.
  9. Gaixotasun kardiobaskularretatik babesten du.
  10. Aza kizkurraren zuntza behazun-azidoekin elkartzen da eta odoleko kolesterolaren maila erregulatzen laguntzen du. Horrela, bihotzeko gaixotasunak pairatzeko arriskua murrizten du.
  11. Elikagai arazgarria da.

 

Kontsumitzeko modua

Estatu Batuetan aza honekin eta beste barazki eta frutekin egindako zukuak modan daude. Produktu freskoekin egiten direnez, elikagai guztiek eraginkortasuna mantentzen dute. Halaber, Kaleren hostoak entsaladan kontsumi daitezke, eta baita espinaka eta zerbak prestatzen diren moduan ere. 

Iturria