Gehitu iruzkin berria

Karabeleko kalera irten da

Asteburu honetan Karabeleko etxaldea Kutxa Kultur Hiria egitasmoan aurkeztu dugu, Kimu Bat-en eta Ekogunearen eskutik. Donostiako oinezkoen guneak ekintza desberdinekin bete dituen ekimen horrek kalean egoteko eta gure etxalde esperimental ekologikoa ezagutzera emateko aukera eman digu.

Larunbatean, baratze txiki batean landatzeko modu egokia erakusteko bi tailer eskaini genituen, eta gurekin hitz egitera etorri zirenen galderei erantzun genien.  

Dudarik gabe, oso esperientzia aberasgarria izan da. Bereziki pozik gaude hiru entitateen artean Loiola kalean prestatu genuen gunearekin. Tailerrak egiteko bi espazio horiez aparte, baratzeko produktuz beteriko standak eta informazio kartelak jarri genituen.  

Gainera, zozketak eta sariak egon ziren pelikula ezagunen izenburuak barazkien izenekin berridazten zituztenentzat. "El imperio con patatas" (El Imperio contraataca) edo "Meloi erregea" (Lehoi Erregea) bezalako izenburuak asmatu zituzten lehiakideek. Prestatutako ekintzei eta ekimenaren kokapen bikainari esker, momentu oro izan zen jendea gure gunean. Beraz, ekintzaren balantzea guztiz positiboa da.