Lurra lantzea, gure sendabide eta ogibidea
Karabelekoren oinarrietako bat buru osasun arazoak dituzten pertsonen errehabilitazio psikosozialaren alde lan egitea da. Agifes, buru osasun arazoa duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkartearen eskutik, astero, jarduera terapeutikoa lantzen ari diren 30 erabiltzaile inguru gerturatzen dira etxaldera.
Lurra landuz eta naturarekin harreman estuan, pertsona horiek euren ongizate fisikoa eta psikologikoa hobetzen dute, baita autonomia eta gaitasunak garatu ere. Izan ere, kolektibo horren gizarteratzea bultzatzeaz gain, beren laneratzea sustatzeko ere lan egiten dugu. Ildo horretan, goi-denboraldian etxaldeko erabiltzaileentzako lan-aukerak sortzen ditugu, betiere jarduerak horretarako aukera ematen badigu.
Horrelako kanpainekin buru nahasmenduen inguruan dagoen estigma apurtu nahi dugu. Buru osasun arazoak oso presente daude gure gizartean, eta naturaltasunez ezagutu eta onartu behar ditugu, diagnostikoarekin bizi diren pertsonen bizi-kalitatea guztion artean hobetzen lagundu ahal izateko.
Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu gure proiektua babesten duten guztiei, buru osasunari ematen dioten bultzadagatik. Eskerrik asko zuen konfiantza Karabelekon jarri duzuen guztioi, gure bizitza eta lanbidea lurrarekin harremanean garatzen laguntzeagatik, hori baita gure sendabide onena. Eta eskerrik asko nekazaritza ekologikoaren eta jasangarritasunaren alde apustua egiteagatik. Guztion artean mundu hobea eraikitzen ari gara.