Eibarko kontsumo talde berriaren aurkezpena eta sukaldaritza energetikoari buruzko tailerra

SUKALDARITZA TAILERRA ETA KONTSUMO TALDEAREN AURKEZPENA

Data: maiatzak 3, osteguna

Ordua: 18:30

Lekua: Agifesen Ibiltzen zentroa. EIBAR. Urkizu pasealekua, 9

Ekitaldiaren edukiak

  • Sasoiko produktuan oinarritutako sukaldaritza tailerra, Garbiñe Etxanizen eskutik
  • Eibarko kontsumo talde berriari buruzko informazioa
  • Lur Denok, Karabeleko, Ner Group eta Agifes eragileen arteko elkarlanaren aurkezpena

 

Ekonekazaritza sustatzeko eta buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea bultzatzeko elkartu dira Lur Denok, Ner Group, Agifes eta Karabeleko. Lankidetza honen lehen fruitua da Eibarren sortutako kontsumo taldea, Lur Denokek eta Karabelekok kudeatuko dutena. Gainera, etxalde bietan jarduera terapeutikoa egiten edota lanerako trebakuntza jasotzen ari diren buruko osasun arazoak dituzten pertsonek parte hartuko dute egitasmoan.

Kontsumo talde berria maiatzaren 3an aurkeztuko da, Agifesek Eibarko Urkizu pasealekuan, 9. zenbakian, duen zentroan. Interesa duten guztiek bertan jaso ahal izango dute produktu ekologikoen otarra astero. Gainera, arratsaldeko 18:30etik aurrera gauzatuko den ekitaldian, sasoiko produktu ekologikoan oinarritutako sukaldaritza-tailerra eskainiko du osasun holistikoan eta elikadura energetikoan aholkularia den Garbiñe Etxanizek. "Lurrak momentuan eskaintzen digun fruituak dakar ekarpen energetiko handiena, eta janaria prestatzeko modua oso garrantzitsua da gure sukaldeetan sortzen dugun alkimiarekin gure behar energetikoak asetzeko", adierazi du Etxanizek. 

Osasun "autogestionatuaren" alde egiten du Etxanizek, eta zentzu horretan ezinbestekotzat jotzen du elikadura osasungarriaren inguruko hezkuntza soziala eta ezagutza hedatzea. "Naturaren legeekin bat egin eta biziz eta naturako indarrak erabiliz, osasuna berreskura daitekeela esperimentatzeak beste paradigma baten aurrean kokatzen gaitu", erantsi du. Hizlariaren hitzetan, "gaur iraultza sukaldean hasten da, eta horretarako zenbait erabaki hartu behar dira: hazi askeak erabiltzea, korporazio handien kontrol genetikotik kanpo daudenak; herri mailan kudeatutako banaketa-sistemetan parte hartzea, eta kalitatezko elikaduran oinarritutako komunitatea sortzea" prozesu honen oinarri dira.

Tailerraren ostean, garaiko produktua eta prestatutako errezetak dastatzeko aukera izango dute bertaratuek. 

Lankidetzaren gakoak

Lur Denok, Ner Group, Agifes eta Karabeleko eragileek abian jarri duten elkarlanak helburu du buruko osasun arazoak dituzten pertsonentzako enplegua sortzea. 2018rako konpromisoa da Lur Denoken baratzeetan lanpostu bat sortzea, eta beste bat Ner Group enpresa-elkartean. Gainera, entitate biek xede dute kolektibo honetako pertsona gehiagori lana eskaintzea datozen urteetan. 

Era berean, kontsumo ekologikoa sustatzea eta buru nahasmenduen inguruko estigma sozialari aurre egitea du helburu elkarlanak.

 

 

 

Gehitu iruzkin berria