Ekonekazaritza sustatzeko eta pertsonen gizarteratzea eta laneratzea bultzatzeko ekimen berria

Ekonekazaritza sustatzeko eta buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea bultzatzeko elkartu dira Lur Denok, Ner Group, Agifes  eta Karabeleko. Elkarlan honen lehen fasean, Lur Denokek Astigarragan dituen baratzeetan lagunduko du Agifeseko talde batek, eta bertan kolektibo honetako pertsona batentzako lanpostua sortuko da.

Lur Denok barne hartzen duen Ner Group enpresa-elkarteak ere bat egin du lankidetzarekin, osasun mentaleko diagnostikoa duen pertsona batentzako lanpostua sortzeko konpromisoarekin eta etorkizunean kolektibo honentzako enplegu gehiago eskaintzeko xedearekin. Horrela, 2018an kolektiboarentzat gutxienez 2 lanpostu sortzeaz gain, kontsumo ekologikoa suspertzea eta buruko osasun arazoen inguruko estigma sozialari aurre egitea du helburu elkarlanak. 

Eibarren kontsumo-talde berria sortuz ekin diote hitzarmenari. Astero 250 familia inguru hornitzen dituzten Lur Denok eta Karabeleko etxaldeetako baratzeetan jasotako produktuarekin osatutako saskiak banatuko dituzte udalerri honetan, eta Agifeseko hainbat erabiltzailek hartuko dute parte barazkien lanketan eta bilketan. Horrela, Hernaniko etxaldean gauzatzen den jarduera terapeutikoa eta lanerako prestakuntza hedatu egin ahal izango da Ner Group taldearen barne jaiotako baratze-proiektura. Ekimen berriari esker, buru nahasmendua duten pertsona gehiagok izango dute euren lan gaitasunak, enpleagarritasuna eta garapen pertsonala lantzeko aukera. 

Lur Denok proiektuaren garapenean inflexio-puntua markatu du kooperazio honek. Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian kokatutako baratzeetan lantzen dituzten elikagai ekologikoen banaketan oinarritutako enpresa honek, gizarte-erantzukizuna sendotzeaz gain, orain arte Ner Group-eko langileei mugatua zegoen kontsumo taldea gizarte osora zabalduko du. 

Bestalde, Karabelekok bere filosofia eta konpromiso soziala Gipuzkoako beste puntu batzuetara zabaltzeko aukera ikusi du lankidetza honetan. Izan ere, buru osasuna bultzatzeko bokazio hori indartzen joango da elkarlana gorpuzten doan heinean. 

Kontsumo ekologikoaren sustapena Gipuzkoan 

Akordioaren oinarrietako bat da ekoizpen ekologikoaren, tokikoaren eta garaikoaren aldeko apustua, agroekologia oinarrizko zutabe baita Karabeleko eta Lur Denok ekimenentzat. Hori dela eta, elikagai ekologikoen eskaintza modu jasangarrian hedatzen joan nahi dute Gipuzkoan.

Zentzu horretan, kolaborazioaren ardatz nagusietarikoa da gizartea sentsibilizatzea, kalitatezko produktu ekologikoen kontsumoa baita gure osasuna, ingurumena eta inguruko garapen sozioekonomikoa bermatzeko bidea. Horretarako, datozen hilabeteetan, ekintza anitz burutuko dira hainbat udalerritan, baita sentsibilizazio-ekintzak ere sare sozialetan.

Kontsumo taldea

Datorren maiatzaren 3an Eibarko kontsumo taldea aurkeztuko dute, Agifesek Urkizu kaleko 9. zenbakian duen errehabilitazio psikosozialerako zentroan. Arratsaldeko 18:30etik aurrera gauzatuko den ekitaldian elkarlanaren oinarriak azalduko dira, eta garaian garaiko produktu ekologikoan oinarritutako sukaldaritza-tailerra eskainiko du osasun holistikoan eta elikadura energetikoan aholkularia den Garbiñe Etxanizek. 

ELIKADURA ENERGETIKOARI BURUZKO TAILERRA ETA KONTSUMO TALDEA 

Data: maiatzak 3, osteguna

Ordua: 18:30

Lekua: Ibiltzen zentroa, Agifes. EIBAR. Urkizu pasealekua, 9

Ekitaldiaren edukiak

  • Sasoiko produktuan oinarritutako sukaldaritza tailerra, Garbiñe Etxanizen eskutik
  • Eibarko kontsumo talde berriari buruzko informazioa
  • Lur Denok, Karabeleko, Ner Group eta Agifes eragileen arteko elkarlanaren aurkezpena

Gehitu iruzkin berria