Eneko Arakama: “Natura eta teknologia berriak atsegin ditut oso”

Enekok lau urte daramatza Karabelekon  lanean eta ezinbesteko pieza bihurtu da etxaldean.

Lau urte daramatza Enekok Karabelekon. Lehenengo urtean errehabilitazio psikosozialeko programan parte hartu zuen eta ostera kontratua egin zioten. Irunen jaiotako gaztea depresioaren aurkako terapia moduan sartu zen Karabelekon, naturan lan egitea onuragarri izango zitzaiolakoan. Egun, Eneko ezinbesteko pieza bihurtu da etxaldean; izan ere, kontsumo taldeko otarrak banatzeaz arduratzen da, baita jatetxeen eskariak entregatzeaz ere.

Langile eta lasaitzat du bere burua. Karabelekora iritsi zenetik naturari buruz asko ikasi du, abilezia berriak bereganatu ditu eta positiboago sentitzen da. Etxaldeko kideekin harremantzeak ere asko lagundu dio, oso giro ona baitago etxaldeko erabiltzaile eta monitoreen artean. 

Bestalde, Produktu Elektronikoen Garapen modulua ikasi zuenez, puntako teknologiari buruzko aurrerakuntzei adi egotea gustatzen zaio. Asteburuan, lankideekin irteerak egin edo lagunekin kafea hartzera geratzen da. Aukera izan duenean, gainera, ekoherrixkak bisitatu ditu. Almerian, Granadan, Leonen eta Tarifan izan da, besteak beste, eta denbora duenean bidaia gehiago egitea gustatuko litzaioke.