Gastronomia, agronomia eta gizarte arloetako hainbat eragilek sukaldean eta baratzean berrikuntza barneratzeko helburua duen proiektu berritzailea gauzatu dugu, buruko osasun arazoa duten pertsonen laneratzea ere bultzatuko duena. Basque Culinary Center, Orona Fundazioa, Agifes, Diametro 200, Blasenea, Kimu Bat, Ernetuz, Karabeleko eta Infotres eragileok burututako ikerketa-lanari esker, IV. gamako ekoizpen ekologikorako ustiategi txikiak martxan jartzeko ezagutza bildu dugu, Horeca kanalari eskaintza berritzailea eskaintzeko xedez. Eusko Jaurlaritzak eta Landa Garapenaren Europako Fondoak babestutako elkarlan honetan dozenaka hostozko landare aztertu ditugu, baita landaketarekin, eraldaketarekin eta ontziratzearekin loturiko xehetasun teknikoak ere. Bi urtez burutako prozesu honen emaitza da Mihi Berdea, hostokume fresko eta ekologikoekin osaturiko mezclum berritzaile sorta bat, sukaldariak harrituko dituen zapore ñabardura bereziak dituena.
Era berean, prozesuan zehar bildutako jakintza baliogarria izango da beste ekoizleentzat, euren ekoizpena zabaldu eta sektoreko eskaintza berrituko duten egitasmoak abian jartzeko lagungarria izango baitzaie.
Nekazaritza eta gastronomia sektoreentzat dakarren onuraz gain, proiektu honen emaitza gisa sortu den eta Karabelekok aurrera eramango duen negozio-ekimen berriak buruko osasun arazoa duten pertsonen kolektiboaren gizarteratzea eta laneratzea sustatuko du.
Ezagutu proiektuko bultzatzaileak ondorengo bideoan!
Proiektuko irudiak: