IXIAR IRAOLA: “Talde polita sortu dugu eta primeran pasatzen dugu”

Ixiar duela bost urte iritsi zen Karabelekora, proiektua hasi berria zenean. Baratzean eta kiroletan trebea da eta oso gertuko harremana du lankideekin.

Ixiar Karabelekora iritsi zenetik bost urte pasa dira jada. Agifesen sartu eta berehala animatu zen proiektuan parte hartzera. Baratzean esperientzia ez izan arren, txikia zenean gurasoek lursaila zeukatela gogoratzen du.. Karabelekon dagoen giroak asko pozten du Ixiar. “Kuadrilla polita sortu dugu eta primeran pasatzen dugu batera”.

Kiroletan trebea da eta, orain, areto-futbol txapelketa batean parte hartzeko entrenatzen ari dira. Gainera, atezain bezala estreinatu da eta azkenaldian igeri egiteaz gozatzen du.

Karabelekon hasi aurretik, ostalaritzan lan egin zuen sukalde-laguntzaile bezala, baina oso gogorra iruditzen zaio sektore hori. Bestalde, lorezaintza ikastaroak egin izan ditu. Izan ere, nahiago du naturan lan egitea eta etorkizunean sektorean profesionalki aritzea gustatuko litzaioke.

“Lana aurrera eramateko gai naizela ikusteak harro sentiarazten” diola azpimarratzen du Ixiarrek, eta hain gustukoa du baratzezaintza, mundu guztiari gomendatzen diola. Karabelekora iritsi aurretik, nagia zela dio, baina gaur egun borrokalaritzat du bere burua,eta esperientzia honek eman dion aukera asko eskertzen du.