Karabelekon neurrira egindako baratzea izango du Amelia jatetxeak

Lehen Michelin izarra lortu berri duen Amelia jatetxeak indartu eta azpimarratu egin nahi du tokiko produktu ekologikoarekin duen konpromiso irmoa. Horretarako, Karabeleko etxalde agroekologiko eta esperimental aitzindariarekin elkarlanean hasi da. Paulo Airaudo argentinarrak zuzentzen duen establezimenduak neurrira egindako baratzea izango du Hernanin, eta bertan egungo merkatuan eskuragarri ez dauden edo urrutitik ekarri ohi diren dozenaka espezie landuko dira jatetxeko bezeroei ezaugarri organoleptiko onenak dituen produktua eskaintze aldera.

2015ean jaso zuen chef gazteak bere lehen izarra, Ginebrako alde zaharrean bere esku zuen La Bottega trattoria modernoan. Hasieratik mantendu duen filosofiari jarraiki, jakinarazi du Donostian abiarazi duen jatetxe berrian azken muturreraino eramango duela bertako produktuaren aldeko apustua. "Funtsezkoa da hemengo ostalariek inguruko eta kalitatezko produktua erabiltzea, ahal bezainbeste. Gaur egun, atzerritik ekartzen dira bertan landu daitezkeen barazki barietate ugari", adierazi du. 

Zentzu horretan, Amelia eta Karabeleko epe luzerako lankidetza burutzeko oinarriak ezartzen ari dira, ostalaritza-sektoreak bertako ekoizleekin duen konpromisoa eta inguruko eskaintza gastronomikoa indartzeko asmoz. "Gastronomiaren arloan Donostia erreferentziazko hiri izaten jarraitzea nahi badugu, ez dugu erlaxatu behar; sukaldariok dena eman behar dugu bisitariei lurralde honetako onena eskaintzeko", gaineratu du.

Akordio horren harira, Ameliaren goi sukaldaritzako menuan behar diren espezieak haziko dira Karabelekon. Era berean, egun Hernaniko baratzeetan ekoizten diren barazki eta landare aromatiko eskaintza zabala, tokiko espeziak nahiz exotikoak barne hartzen dituena, Donostiako jatetxearentzat eskuragarri egongo da. 

Elkarlan hau guztiz bat dator etxaldearen lan-filosofiarekin, 2014. urtean abiarazi zutenetik barazkigintza ekologikoaren inguruko ikerketa burutzen baita bertan, baita balio agroekologikoak zabaltzeko lan egin ere. Zehazki, ahaztutako barietateen edo oso ezezagunak direnen portaera aztertzen da Karabelekon, baratzezain, ostalari eta kontsumitzaileei ezaugarri organoleptiko berri era erakargarriak eskaini ahal izateko. Proiektuaren koordinatzaile Iker Goikoetxearen esanetan, esperimentazio atalaren helburua da "gure inguruko ortu, merkatu eta jatetxeetako barietate-gama aberasten laguntzea". Bide horretan, inguruko zenbait ostalarirekin elkarlanean dabil Karabeleko.

Era berean, Ameliak Karabelekorekin hartutako konpromisoak bultzada emango dio etxaldean burutzen den lan terapeutikoari. Blasenea, Kimu Bat eta Agifes eragileek sustatutako etxaldean, buruko osasun arazoak dituzten hogeita hamar lagun inguruk dihardute kudeaketa lanetan laguntzen.

Gehitu iruzkin berria