Konposta, jasangarritasunaren gakoa

Lurretik Lurrera proiektuak, Karabelekok Diametro 200 jatetxearekin eta Telleri Zahar baserriarekin batera bultzatutako ekimenak, ziklo organikoa ixtea eta hondakin urbanoak prebenitzea du helburu.

Ameriketan bizi diren inurri karraskariek hosto pusketa txiki piloa biltzen dute beren lurpeko etxeetan, eta horiek hartzitzearen poderioz, beren gustukoak diren onddoak hazteko konpost ederra sortzen dute. Australiako hegazti batek, berriz, gorotz eta materia organiko ezberdinak bilduz eginiko konpost batetik sortutako beroa aprobetxatzen du bere arrautzak erruteko. Konposta prozesu naturala dela eta animalia-mota desberdinen biziraupenarentzat ezinbestekoa dela argi dago, munduan zehar aurkitzen ditugun adibideei erreparatuz gero.

Udazkenean basoan, zuhaitzetako hostoak, lurzorura erortzen direnean, animalien gorozkiekin edo belarrekin deskonposizio-faseari ekiten diote. Bertan elementu askok esku hartzen dute: hotzak, beroak, urak, eguzkiak, espezie biziek... Materia gainazalean gelditu eta humus bihurtzen da. Orduan, lurra iluna da eta baso-lurraren usain berezia du. Humus honi esker, landare-espezieen bizi-zikloak aurrera egiten du eta, era berean, animalia espezieak elikatzen ditu.

Naturak erakutsi digu konposta egiten trebea dela, eta konpostatze-prozesua, oreka naturala duen eremu batean modu etengabean gertatzeaz gain, hainbat animalik beren onurarako erabiltzen dutela egiaztatu dugu.

Konposta ez da gizakion asmakizuna eta naturan konpostaje teknika ezberdinak ere aurki ditzakegula argi dago. Hala ere, ondo eginiko konpost guztiak dira lurrarentzat onuragarriak.

Arrazoi horien guztiengatik, Karabeleko Lurretik Lurrera proiektua bultzatzen ari da, Oronaren Diámetro 200 jatetxearekin eta Telleri Zahar baserriarekin elkarlanean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Egitasmo horren helburua ziklo organikoa ixtea da, konposta animalien goroztiekin eta barazkiekin sortuz. Era berean, hondakin urbanoen sorrera prebenitzea bilatzen du proiektuak.  

Gehitu iruzkin berria