'Lurretik Lurrera' ekimena, elikaduraren industriari buruzko jardunaldi batean

Karabelekok 'Elikaduraren Industriako Poloa' ekimenaren aurkezpen jardunaldian parte hartuko du abenduaren 1ean, Tolosako Leidor zentroan, hondakinen kudeaketari buruzko 'Lurretik Lurrera' ekimena aurkezteko. 

Gipuzkoarentzat nekazaritza eta elikaduraren industria sektore estrategikoa dela ikusita, Elikadura Poloa jarri dute martxan Gipuzkoako eskualdeetako garapen agentziek. Horrela, sektore horretako enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko asmoa dute.

Ekimenaren helburua da, batetik, elikaduraren industriako enpresa eta eragileen jarduna eta estrategiak ezagutzea eta partekatzea eta, bestetik, gune bat sortzea, elkarrekin sektorearen lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak sustatze aldera.

Horregatik antolatu dute, ekimena bideratzen ari diren garapen agentziek (Oarsoaldea, Debegesa, Tolosaldea Garatzen, Beterri-Buruntza eta Urola Kostako Udal Elkarteak), egitasmoarekin lortu diren emaitzak ezagutarazteko jardunaldia. Bide batez, elikaduraren sektoreko enpresek, Gipuzkoako eskualde ezberdinetakoek, elkar ezagutzeko aukera izango da. Jardunaldia doakoa da, baina aldez aurretik eman behar da izena. Informazio gehiago eskuratzeko, garapen agentzietara jo daiteke.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea, eta Lurralde Orekako Departamentuak finantzatzen du Elikadura Poloa.

Gehitu iruzkin berria