"Nekazaritza ekologikoa, nekazaritza logikoa da"

 

Enpresa: Maira

Produktua(k): Egurrezko labean egindako ogi ekologikoak

Arduraduna: Aitor Otegi

Produktuaren jatorria: Etxalar (Nafarroa)

Karabelekorekin harremana: Denda eta jatetxeetan ogia banatzea

 ______________________________________

Noiz eta nola sortu zen Maira okindegia?

Maira okindegia 2015eko Irailean hasi zen martxan.

Landa mundura hurbiltzeko, eta naturatik gertu bizi modu bat garatzeko ideiarekin sortu zen ogia egiteko gogoa. Familia eta lana uztatzeko modu bat ere izan da familia proiektua sortzea.

Zein da ospe gehiago duen produktua?

Lino, amapola eta pipak dituen garizko molde ogiak du arrakasta gehien. Gero eta gehiago eskatzen digute ere glutenik gabeko Gari beltz ogia.

Zer diote kontsumitzaileek produktuari buruz? 

Gaur egunean gero eta gehiago entzuten dute "ama ore" hitza, eta gero eta ezagunagoak dira mota honetako ogiak. Benetan legami kimikorik ez dutela ziurtatu nahi dute. Errepikatzen duten bezeroen kopurua polita iduritzen zaigu.

Zein da Mairako langile baten eguneroko bizitza?

Famili proiektua da, eta astean bitan elaboratzen dugu, eta beste bitan ogiaren banaketa egiten dugu. Gainontzeko egunak administraziorako, garbiketarako eta egurra egiteko izaten dira. Elaborazio egunak oso luzeak dira, ogien hartzidura luzeak bermatu nahi ditugu.

Nolako garrantzia du gaur egun produktu ekologikoak kontsumitzeak?

Produktu ekologikoak kontsumitzerako orduan ez dugu gure gorputzei bakarrik mesede egiten, ekosistema osoari baizik. Nekazaritza ekologikoa, nekazaritza logikoa da, "izendapen berezirik" eraman beharko ez lukeena. Behar bada, produktu kimiko berriak erabiltzen dutenek eman beharko lituzkete azalpenak.

Zer pentsatzen duzue gaur egungo produktuen kontsumo ereduari buruz?

Orokorrean jendarteak ez dio ekoiztutako nekazaritza ereduri begiratzen, ez eta non eta zein baldintza sozialetan ekoiztuak izan diren ere. Baina bada gero eta kontzienteago den beste jendarte multzo bat, eta honek ematen digu poza eta ilusioa. Esfortzu handiarekin aurrera ateratzen ari diren proiektu politak daude, Karabeleko adibidez, baita kontsumo talde ugari ere. Azken finean denen artean eraiki behar dugu gure bizitzeko modua.