Nekazaritza ekologikorako luar moten karakterizazioa

AURKEZPENA

Gipuzkoako nekazaitza-ustiategietan lurraren oreka animali jatorriko simaurren luarrak erabiliz mantentzeak oinarrizko garrantzia izan du historikoki. Beste isuri batzuekin alderatuz, lur oso aberatsak ditugu materia organikoari erreparatuz gero, baina giza ustiaketa bat izanik agroekosistemaren oreka bermatu ahal izateko luar, kareztatze eta oinarrizko errotazioek garrantzizko papera jokatu izan dute gure nekazaritza-lurren memorian. Gaur egungo etxalde ekologikoetan lurraren oreka bertako bizitasuna ahalik eta hobekien zaintzean oinarritzen da. Horregatik, lurren emankortasuna hainbat teknika uztartuz osatzen da; hala nola ongarri berdeak, errotazioak, luarra eta kareztatzeak.

PROZESU NAGUSIA

Proiektu hau Gipuzkoa mailan ikuspegi agroekologiko batetik eskuratu dezakegun konpost edo luar ezberdinen argazki bat ateratzean oinarritu da. Ikuspegi honek araudi ekologikoa eta gertutasuna izan ditu nagusiki ardatz. Hautaturiko konpostak behi simaur ekologikoa, ardi simaur ekologikoa, behi simaur estentsiboa, zizare humusa, konpost urbanoa, peleta eta bokashia izan dira. Honela, sorburu ezberdineko eta erreferentziazko konpostak identifikatu dira lehenik, laginak bildu ondoren eta normalean egin ohi diren analitikez gain ezohiko beste bi egin zaizkie. 

Batetik, biodibertsitate funtzionala deritzona, zeinetan konpost horretan momentu horretan ageri den bakteria eta onddo komunitateen aniztasuna, aktibitatea eta kopuruari erreparatzen zaion. Bestetik, normalean lurrei egiten zaien analitika hondakin-anitza, non osagai petrokimiko, pestizida eta beste hainbat osagai berezi identifikatzen dituzten.

ONDORIO NAGUSIAK

  • GARBITASUNA. Nabarmen ageri da edozein konpostetan berau egiteko erabiltzen diren lehengaien kalitatearen garrantzia; izan ere, animali jatorriko luarretan apenas ageri dira metal astun zein hondakin anitzak.
  • ANALITIKAK BURUTZEA. Luar batzuen kasuan aldizkako azterketak egitea komenigarria litzatekeela ikusten da, batez ere, horiek sortzeko lehengaien jatorria oso anitza izan daitekeelako; hau da, urbanoa, peleta, zizare humusa edo bokashia kasu. Simaurren kasuan, ekologikoak edo estentsiboak badira, lehengaien kalitatea bermatua dagoela ulertzen da.
  • ERABILERAREN ARABERA SAILKATZEA. Eskura luar ezberdinak ditugu eta beharren arabera erabiltzen jakin beharra dago. Simaurrak gure lur lohitsuen ezaugarrietarako egokiagoak dira eta horregatik udaberri hasierarako oso aproposak dira. Hala ere, negutegiko baratzeetan interesgarriak izan daitezke humus, bokashi edo urbanoak.
  • SIMAURRAK URREAREN PARE. Edozein kasutan animali jatorriko simaurrek balio erantsi handia dute baldin eta konpostaje prozesua zuzen burutzen bada. Kulturalki jaso den jakintza horren azalpena hauen bizitasun eta oreka organikoan ikusten da; izan ere, lurrarentzako pizgarri funtzioa ere betetzen dutelako konplexu humikoa elikatu eta landarea elikatzetik haratago.
  • SINERGIAK. Ikuspegi agroekologiko batetik, inguru hurbilean ziklo organikoa ixteak garrantzia berezia du nekazaritza ekologikoan. Ondorioz, orain arte bezela, baratzezain eta abeltzainen arteko sinergiak eskualdeka egituratzea etorkizuneko erronkak izango lirateke. Zentzu honetan, gure isurialdetik haratago, Araban burutzen ari diren luarrekin beste aukera batzuk aztertzea ere interesgarria izan daiteke.

 

► Azterlana kontsultatu

 

Gure ikerketa-lanaren berri izan nahi baduzu, harpidetu zaitez gure newsletterrera!