Karabeleko etxalde esperimental aurrendaria da ekonekazaritzaren arloan, baita Enplegu Zentro Berezia ere. Agifes, Blasenea eta Kimu Bat entitateek elkarlanean sortutako elkartea gara, irabazi-asmorik gabekoa. Gure helburu nagusiak dira nekazaritza ekologikoa sustatzea eta buru osasuneko arazoa duten pertsonen gizarteratze eta laneratzea bultatzea.
Esperimentazio zentro irekia gara, bai publikoarentzat eta bai barazkigintza ekologikoaren sektoreko profesionalentzat. Bertan, espezie ugari aztertzen ditugu ekonekazaritzaren garapena sustatzeko eta kantauriar eremuko ekoizleei aholkularitza eskaintzeko.
Buru nahasmendua duten pertsonei zuzendutako Enplegu Zentro Berezia gara. Pertsona horiei gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko, gure etxaldean hainbat ardura bereganatzen dituzte. Helburu dugu, gainera, buru nahasmenduaren inguruko gizarte sentsibilizazioa bultzatzea.
Halaber, nekazaritza ekologikoari buruzko ikastaroak eskaintzen ditugu, eta gure instalazioak ezagutzeko bisita gidatuak antolatzen ditugu.