Tomate barietateen inguruko azterlana

 

Sarrera

Gaur egun gure dendetan tomate mota gutxi batzuk ikustera ohituak gauzkate, baina naturan bezala, herrien nekazaritza-kultura aberatsari esker tomate barietateak milaka dira munduan. Karabelekon aniztasun hau probatzearen aldeko hautua egiten dugu eta horregatik 2015 urtean, martxotik urrira, etxaldean tomate barietate ezberdinak landatu eta hauen jarraipena egin dugu. Barietate lokalekin batera barietate komertzialak eta baita ezezagunak ere landatu ditugu, denak negutegian. Ikerketa praktiko honen helburua barietate hauen zikloak jarraitu, produktibitatea ikusi eta bakoitzaren infografiak biltzea izan da, haurrerago oinarrizko ikerketa atalean burutzeko moduko oinarria sortuz. Gainera "Bodegon Alejandro"-ko lagunekin tomate barietate lokalen inguruko kanpaina bat burutu eta beraien iritzia biltzen saiatu gara.

Baina ezer ez dakienarentzat azal ditzagun tomate barietateen artean desberdintzen ditugun hiru atal nagusienak:

  • Barietate lokalak: Barietate lokal bat nekazariek urtez urte gordetako hazia da (gutxienez 40 urtez jarraian gordetakoak behar dute eta hurrenez urtero ereindakoa). Hazia gordetzerakoan ezaugarri konkretu batzuen aukeraketa egitearen poderioz, lekuko baldintzetara egokitzen da barietatea, naturaren eta giza- selekzioaren eraginez. Lan honi esker,  mendeetan zehar gero eta barietate aniztasun handiagoa sortu da: baserritarrek sortutako nekazaritza-bioaniztasuna. Talde honetan Pikoluze, Aretxabaleta, St. Michel eta Loidi daude. 

 

  • Barietate komertzialak: ohiko merkatuetan eskaini ohi dizkiguten tomate barietateak dira haurreko mende bukaeran garatuak merkatu globalizatu baten beharrei erantzuteko sortuak. Tomate onak izan ohi dira, produktibitate altukoak, nekazariari berak eginiko lanari errendimendua atera ahal diona merkatuak gehien eskaturikoak baidira; baina barietate lokalen aberastasun genetiko, erresilentzia eta kultura lokaletatik urrun daudenak aldi berean. Talde honetan leudeke, Raf eta Jack barietateak esaterako.

 

  • Barietate ezezagunak: nekazal historian hainbat elikagai berri eta barietate pixkanaka iristen joan zaizkigu zibilizazioen arteko trukaketari esker, gaur egun mundu oso bat dugu gure eskura. Barietate ezezagunak aintzinatik beste munduko txoko batzuetan landatzen diren barietateak lirateke.

Beraz, gure etxaldean landatu ditugun barietateen informazio zabalagoa jaso nahi baduzu, sakatu ondorengo esteka:

Azterlana kontsultatu

 

Gure ikerketa-lanaren berri izan nahi baduzu, harpidetu zaitez gure newsletterrera!