Enpresa: Zituene, Pasta obradore kooperatiboa
Produktua: Pasta artisau eta ekologikoa
Arduraduna: Naiara Retegi eta Iker Eizagirre
Produktuaren jatorria: Errenteria (Gipuzkoa)
Karabelekorekin harremana: Elkarlana. Honetaz gain, Zitueneren produktuak Karabelekoren ekodendan aurkitu daitezke.
Beste datu batzuk: Obradorearekin batera denda ere badute Oreretako Erdiko kalean.
------------------
Noiz eta nola sortu zen zituene proiektua?
Duela hiru urte, agroekologia eta elikadura sektoreko burujabetzan murgiltzen hasi ginenean, beste pasta ekoizleak ezagutzeko aukera izan genuen. Orduan, bizi proiektu polit bat aurrera eramateko aukera ikusi genuen. Langabezian geunden, borrokarako gogoz, eta ilusioz beteta, beraz, proiektuari hasiera emateko baldintza zoragarriak bateratu ziren.
Zeintzuk dira lantzen dituzuen pasta motak?
Oraingoz hiru zereal ezberdinekin lan egiten dugu, eta horien irin edo semola ezberdinekin; gari pasta zuria edo osoa dugu aukeran, espeltarena edota zekalearena. Pasta freskoa saltzen ohi dugu, ezaugarri eta kalitate aldetik hobea baita. Hala ere, pasta lehortua ere egiten dugu, askotan ongi baitago armairuan apur bat edukitzea.
Zein da Zitueneren filosofia?
Filosofia asko ditugu! Zituene proiektuak batez ere bi oinarri sendo ditu: Elikadura Burujabetza eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea. Bai ezarritako helburuak baita eguneroko erabakiak ere horien baitan osatzen ditugu. Bestetik, baditugu filosofia apalagoak ere: euskararen erabilera aktiboa, salmenta eta harreman zuzena, proiektuaren arlo pedagogikoa, besteak beste.
Zein da produktu ekologikoak ematen duen balioa?
Produktu ekologikoak gaur egun ez du bereziki balio handirik, ekoizpenean erabili daitezken produktu kimikoen zerrenda bakarrik mugatzen baitu, hau da, ez du inongo eraginik ekoizlearen ongizatean edota ekosistemen jasangarritasunean. Multinazional handiek monolaborantza azalera erraldoietan produktuak egiten hasi dira jada. Horregatik, benetan garrantzitsua iruditzen zaiguna sistema agroekologikoa da.
Nolako garrantzia du gaur egun produktu ekologikoa kontsumitzeak?
Esan bezala, produktu agroekologikoaren alde apustu egiten dugu. Produktu agroekologikoek bertako ekoizle txikiei aukera ematen diete bai ekoizpenetik bizitzeko baita ekosistemak mantentzeko ere, aldi berean baliabideak zentzuz erabiliz eta bioaniztasuna errespetatuz.
Gaur egungo kontsumo eredutik zer kezkatzen zaituzte gehien?
Ikusten ez dena da gehien kezkatzen gaituena: produktuak nondik datozen, zein egoeratan ekoizten diren, non erabakitzen diren nekazaritza eta elikadurarekin zerikusia duten kontuakā¦ Bereziki kezkagarria iruditzen zaigu hazien patenteak eta horiek dakarten arazo guztiak.
Zer esaten dute bezeroek produktuari buruz?
Agroekologikoak ez diren beste produktuekin alderatuz, kalitatea nabaria dela diote bezeroek. Iritzi horrek bereziki pozten gaitu, eta aurrera jarraitzeko gogoak ematen dizkigu, ongi egiten ari garenaren seinale baita.