Nor gara

Karabeleko etxalde esperimental aurrendaria da ekonekazaritzaren arloan. Agifes, Blasenea eta Kimu Bat entitateek elkarlanean sortutako elkartea gara, irabazi-asmorik gabekoa. Gure helburua nekazaritza ekologikoa sustatzea da, eta barazkigintza ekologikoaren ekoizpen eta kontsumo kultura zabaltzea.

Esperimentazio zentro irekia gara, bai publikoarentzat eta bai barazkigintza ekologikoaren sektoreko profesionalentzat. Bertan, espezie ugari aztertzen ditugu ekonekazaritzaren garapena sustatzeko eta kantauriar eremuko ekoizleei aholkularitza eskaintzeko.

Buru gaixotasuna duten pertsonei eta baztertze arriskuan dauden beste kolektibo batzuei zuzendutako errehabilitazio psikosozialerako zentroa ere bagara. Pertsona horiei gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko, gure etxaldean hainbat ardura bereganatzen dituzte. Helburu dugu, gainera, buru gaixotasunaren inguruko gizarte sentsibilizazioa bultzatzea.

Halaber, nekazaritza ekologikoari buruzko ikastaroak eskaintzen ditugu, eta gure instalazioak ezagutzeko bisita gidatuak antolatzen ditugu.