Tontorreko konpostatzea lortzeko hamabi pauso

Konpostajea naturan gertatzen den eta geuk gure baratze edo lorategietan erreplika dezakegun prozesua da. Horregatik, ingurumenaz eta materia organikoaren zikloa ixteaz arduratuta dauden gero eta enpresa ekologiko gehiago daude. Egunerokotasunean kontsumo-zikloa ixteko konposta erabiltzen dugu Karabelekon, eta horregatik ekoizleak animatu nahi ditugu hamabi pausotan lortzen den tontorreko konpostatzea haien jardueran txertatzera.

Teknika ezagunetakoa dugu tontorrean eginiko konpostatzea; oinarrizko materialak pilatzean datza, tontor bat edo batzuk eraikiz. Egokia izan ohi da materia organiko kopuru handiak sortzen ditugun kasuetarako (metro kubiko batetik gorakoak), eta kolpe batean egiten denez, konpostaren higienizazioa deritzona lortzea da bere bertuteetako bat.

  1. Materia organikoaren pilaketa. Materia modu progresiboan sortzen doanez, nahasketa burutu aurretik materia freskoa eta lehorra aurrekonpostatze-gune batean pilatzen joan behar da, bi pila ezberdinetan gehituz.
  2. Erdi itzaletan dagoen kokalekua hautatu, haizetik babestua.
  3. Bolumen nahikoa dugunean, nahasketa egiteko ilbete edo ilbeherako egun bat aukeratu.
  4. Oinarrian hainbat cm-ko kapa osatu material lehorrarekin (lastoa, sasi lehorrak)
  5. Trapezio forma eman: 160 cm baino gutxiagoko oinarria eta 150 cm-ko altuera.
  6. Material lehor eta freskoak 20 cm-ko kapak osatuz pilatzen joango gara.
  7. Izaki biziak gehitzeko, hasierako kaparen eta hurrengoaren artean konpost heldu edo lur gozo palakada batzuk gehituko ditugu.
  8. Ongarriztatze bereziren bat behar badugu, zerrauts edo mineralen kapa bat gehitu diezaiokegu.
  9. Kapa bakoitza bota aurretik materia organikoa ongi nahastu, homogeneoagoa gera dadin.
  10. Kapak egiten goazen heinean materialak ureztatzen joan gaitezke, baldin eta hauek oso lehorrak badaude.
  11. Konpostatzea aktibatzen laguntzeko, asun ura, zolda belar ura edo gorotzen lixibatua erantsi dezakegu.
  12. Tontorra osatu ondoren, lasto edo lur geruza batekin estaliko dugu. Horri esker, beroa mantentzeaz gain, tontorraren deshidratazioa zein gehiegizko hezetzea ekiditen dugu.

Gehitu iruzkin berria