“Aukeratu behar izan genuen: edo modu intentsiboan ekoiztu urte osoan edo produktu ekologikoarekin bereizi”

Ekoizlea: Telleri Zahar Baserria

Elkarrizketatua: Ainhoa Amundarain, Ramón Mugerzaren emaztea

Produktua: Ardi esnea, arkumea eta Idiazabal gazta

Tokia: Hernani (Martindegi Auzoa, 35)

Beste datu batzuk: Ardi latxa. Abeltzaintza ekologikoa, 400 ardi inguru eta 43 belardi hektarea, ongarri natural eta mineralekin landutakoa.  Ardien ziklo naturalekiko errespetua

________________________

 _

Zergatik egin duzue nekazaritza eta abeltzaintzaren aldeko apustua?

Bide honi ekin genion duela hamar edo hamabi urte. Lehen, antzeko produktua ekoizten genuen, baina ez zen guztiz ekologikoa; ez genuelako ale ekologikoa erabiltzen. Ramonek urte asko eman ditu abeltzaintza konbentzionalean lanean. Hala ere, bazka gure baserrikoa izan da beti, ez dugu inoiz erosi; eta senarrak argi izan du, hasieratik, ardiak belardietan daudela hoberen, ez ukuiluetan. Betidanik jakin izan du ezinbestekoa dela ardien ziklo naturala errespetatzea.

Nola ekin zenioten lan-sistema ekologikoari?

Konturatu ginen besteek antzeko produktua eskaintzen zutela, baina merkeagoa eta urte osoan zehar. Bezeroak galdu genituen eta gure buruari galdetu genion: " lehiakideen eredua jarraituko dugu edo desberdindu egingo gara?" Bigarren aukera hartu genuen: kalitate goreneko produktu ekologikoaren eta garaian garaiko produktuaren alde egin genuen apustu. Birmoldaketa egin ondoren, prozesu osoa ekologikoa eta naturala bilakatu zen. Ziur gara bide egokian gaudela.

Nolakoa da zuen egunerokotasuna?

Eguneroko lana sasoiaren menpe dago. Maiatzaren erdialdean, ahariak ardiak estaltzeko elkartzen ditugu. Maiatzean eta ekainean, bazka-bolak sortzen ditugu, neguan zehar ardiek jan ditzaten. Hilabete horietan eta uda osoan zerura begira bizi gara, meteorologiaren aldaketak aurreikusiz bazka-lanak ez zapuzteko.

Udaberrian, egunak pixkanaka luzatzen doaz. Gaueko bederatzietan argitasuna mantentzen denez, belardietan lanean jarraitzen dugu, eta ardiak kanpoan daude iluntzera arte. Etxera bueltatzean, berriz, ardiak jetzi egiten ditugu.

Udan zehar, ekainetik urrira, ardiak ikustera joaten gara hurbil dauden belardietara. Ukuiluan lo egiten badute, goizeko seietan taldeka irteten dira belardietara. Soil-soilik eguraldi txarra egiten badu, edo neguan, geratzen dira egunez ukuiluan.

Bost hilabeteko haurdunaldia bukatzerakoan, urriaren bukaeran edo azaroaren hasieran, arkumeak jaiotzen dira. Momentu horretan gaueko txandak egiten ditugu, ardiak kontrolatzeko eta, beharrezkoa bada, laguntzeko.

Hilabete geroago, abenduan, arkumeak salmentan jartzen ditugu eta ardiak jezten hasten gara, goizez eta gauez, ekainaren erdialdera arte.

Horrez guztiaz aparte, astean bitan gazta lantzen dugu gure artisau-prozesuekin eta ardi esnea poltsaratzen dugu, zuzenean dendetan saltzeko edo Donostialdeako jatetxeetara bidaltzeko.

Egindako ahalegina produktuen zaporean nabaritzen al da?

Egia esan, guk ez dugu zaporea nabaritzen, gure gustua etxeko gaztaren zaporera ohituta dagoelako. Baina bezeroek noizbehinka esaten digute baietz, gure gazta eta mamia ez daudela supermerkatuan erosten dituztenekin konparatzerik. Horrelakoak esaten dizkigutenean, izugarri pozten gara. Duela aste batzuk Karabelekoko kideekin arkume dastatzea egin genuen: gure baserrikoa, ekologikoa, jan zuten alde batetik eta, bestetik, era konbentzionalean hazitakoa. Parte-hartzaileek zaporean aldea nabaritu zuten. Nik uste dut hori dela desberdintasunaren frogarik hoberena.

Zer bezero mota erakartzen duzue?

Ardi esnearen kasuan, adibidez, normalean emakume helduek erosten dute, gordina saltzen dugunez, mamia egiteko egosi eta legarra gehitu behar zaiolako. Gaztaren kasuan, aldiz, denetarik; gazteak eta helduak. Gure bezeroak betiko zaporeez, naturaren zaporeez, berriro gozatu nahi dutenak dira.

Eta gazteak?

Gazteak oraindik gutxiengoa dira, baina gaur egun nabaritzen ari gara sentsibilitate handiagoa dutela; jakiekiko, haien jatorriarekiko eta mahaira iritsi baino lehen jasaten dituzten prozesuekiko interes gehiago ikusten dugu. Azkenengo bost urteotan Hernanin eta Errenterian vending makinak jarri ditugu bezeroengana hurbiltzeko eta belaunaldi txandaketa errazteko. Kalitatezko produktua eskaintzeaz aparte, salerosketa erraza izatea da berrikuntza honen atzean dagoen ideia. Hernanin, betidanik, harategien bidez saldu dugu, baina orain vending makinak martxan jarri ditugunean, jendeak onartu digu aspalditik ez zuela ardi esnea dastatzen. Guk beti erantzun bera ematen diegu: “Gu beti egon gara hemen!”.

Produktu ekologikoen eskaera handitu dela nabaritu duzue?

Azkenengo bost edo sei urteotan eskaerak gora egin du, bai. Baina ez du oso era progresiboan egin.

Egungo kontsumo eredutik zerk kezkatzen zaituzte gehien?

Urruntasunak kezkatzen gaitu. Fisikoak baino gehiago, kulturalak edo emozionalak. Gure baserria Hernanitik bi kilometrora dago, ez dago urruti. Baina jendea ez doa baserrira erostera, lehen bezala. Gure ateak parez pare irekita daude bisitan etorri nahi duenarentzat, baina aldi berean gu herrira hurbiltzea erabaki dugu: baserria eta bertako produktu ekologikoak herrietara eraman ditugu vending makinari esker, eta denda zein jatetxeetan salmenta zuzena eginez.