Uraza edozein etxetan aurkitu ohi dugun barazkia izan ohi da eta, horren arrunta izanik, gutxitan erreparatzen diogu baratzean aurki ditzakegun letxuga mota ezberdinei.
Aldiz, baratzezainok uraza begiratzean iratiko oihanean bezainbeste ñabardura aurkitu ohi ditugu. Batetik kontsumituko duenaren gustu ezberdinetara egokituko diren hostoak, loretara igotzeko zailtasuna dituten ala ez, kolore ezberdinetarako platerak osatzen lagunduko dutenak, gure klimara ongi moldatuko direnak, garai bakoitzean ongi funtzionatuko dutenak... Beraz, gure etxaldeetan uraza barietateak hautatzean ezaugarri ezberdinei kasu egiten diegu; beste batzuek aukeraketa hau mintegiko hautatzailearen eskuetan uzten dute.
Batzuek oinordetzan barietate lokalen bat jasotzeko zortea izan dute eta horren erreleboa hartzen dute; besteek inguruko barietate lokal hauek bereganatu eta segida emateko aukera dute. Baina gure kulturan kontserbatu ditugun barietateak urriak izanik egunerokotasunean etxe komertzialek eskaintzen dizkiguten barietateen zerrenda luzean galduta ibili ohi gara, eta barietate hauek jatorri ekologikoa badute are gehiago. Ondorioz, Karabelekon urtaro ezberdinetan oinarrizko uraza barietate ezberdinen jarraipena egiten ari gara gutxienez garai bakoitzean izan ditzakegun batabia eta hosto libreko urazen portaera ezagutu ahal izateko. Jarraipen honetan urte sasoi ezberdinetarako barietateak probatzen ari gara euren bizi zikloa jarraituz; eta banan bana dastatzen ditugu zapore interesgarrienak identifikatzeko.
► Azterlana kontsultatu
Gure ikerketa-lanaren berri izan nahi baduzu, harpidetu zaitez gure newsletterrera!