Josu Ezkurdia: “Adeitsua, arduratsua eta indibidualista naiz”

 

Hilabete batzuk daramatza Josuk Karabelekon lanean, baina jada etxean bezala sentitzen dela eta baratzean iaioa dela aitortzen du. Etorkizunean piezen muntaian edo elektrizitatean aritzea gustatuko litzaioke.

Etxaldeko taldean sartzen azkenetarikoa izan arren, etxean bezala sentitzen dela onartzen du Josuk. Baratzezaintzan hasiberria bada ere, egunez egun trebatzen ari da. Hala ere, piezen muntaketan iaioa da betidanik, eta etorkizunean sektore horretan lan egitea gustatuko litzaioke, mekanika edo elektrizitate arloetan, besteak beste.

Pertsona adeitsu, arduratsu eta indibidualista gisa definitzen du bere burua. Aldi berean, etxean deskantsatzea asko gustatzen zaiola dio, baita sakelako telefonoarekin aritzea ere. Hasieran talde-lana gogorra egin zitzaiola aitortzen du, baina gaur egun gutxika aberasten dion zerbait dela dio.

2018ko urtarrilean iritsi zen Josu Karabelekora, gizarte-laguntzaileak motibatuta. Lankideekin batera, lan mordoa egiten du etxaldean; adibidez, denda hornitu, uzta jaso eta eskariak antolatu.

Goizetik goiz, edozein zereginekin ausartzen da. Karabelekon lan egitea ez dela erraza eta gogoarekin aurre egin behar zaiola onartzen du. Hala ere, egun, etxaldean gauzatzen diren jarduera guztiak egiteko gai dela argi du Josuk.